| DANBORRADA ASKATASUNEZ |
Gure herriaren jai nagusian, gure patroiaren egunean, jaiaren muina auzo guztietako danborradek osatzen dugu. Denek har dezakete parte jaian, alde batera utzita sexua, pentsakera, jatorria, zaletasuna edo beste edozein ezaugarri. Danborrada bakoitza autonomoa da eta berezko ezaugarriak ditu. Beraietan ateratzeko baldintzak ezberdinak dira: gizasemea izatea, edo emakumea, edo soziedade bateko kidea, edo gaztea, edo heldua, edo haurra, edo guraso elkartekidea, edo talde bateko kidea edo erkidego autonomo jakin batekin lotura izatea, etabar. Hori bai, partaidetza ez da inoz espontaneoa. Zerrendak, izen-emateak eta kuotak daude. Sexua bat ala beste dela ere donostiarrok ez dugu edozein danborradan parte hartzeko aukera, baina donostiar guztiok baditugu baldintzak betetzen ditugun danborrada batzuk aukeran. Ez dago obligaziorik danborrada jakin batean ateratzeko, norberak hauta dezala gustukoa. Familia edo kuadrilla bereko kideak ateratzen dira ezaugarri ezberdinetako danborradetan (gizasemeena, emakumeena, mistoa, gazteena, etabar) eta horrek ez du arazo edo hikamikarik sortzen.
Danborrada ezberdinen arteko harremanak ere beti lagunartekoak izan dira, inoiz elkarren aurka egin gabe. Polemika antzurik batere ez zen alor batean ez da zertan sortu behar, gure ustez. Jai honek hori du ederra, orain arte askatasunez egin dela, bakoitza bere nortasunez, bai gure arteko ezberdintasunak baita helburu komunak garbi edukiz, baina beti elkarrekiko errespetuaz.
Berdintasunaren alde gaude, askatasunaren alde areago. Askatasunik gabeko berdintasunak ez du piperrik balio. Gure iritziz berdintasuna ez da gizaseme eta emakumeak elkarrekin leku guztietara joatea, askatasun eta eskubide berberak izatea baizik, eta horien arabera erabaki ahal izatea noiz goazen elkarrekin eta noiz ez. Danborradaren kasua horrelaxe da, edozein taldek eskubidea du danborrada bat antolatzeko, taldekideen sexuak ez du ajolarik. Donostiako seme eta alaba askoren ustez berdintasuna ez da obligazio legalez edo mehatsuz, alegia indarrez, jarri behar. Norbanakoen eta taldeen askatasuna murrizten duten eta berdinzalekeria ezartzea helburu duten arau batzuekin ere ez gaude ados, gainera askotan arau horiek talde minoritario eta erradikal batzuen boto apurrak lortzeko asmoz egin dira. Euskal Herriko Epaitegi Nagusiak eta Auzitegi Gorenak gurearen antzeko kasuetan alde agertu dira eta diskriminaziorik ez dagoela esan dute, eta balio gorena askatasunez jokatzea dela, eta askatasun maila hori dela berdina izan behar duena.
Jaia gure modura ulertzeko askatasuna nahi dugu, arrazoi ezberdinengatik (tradizioa, soziedadearen ezaugarriak, gogoa edo dena delakoa) inori kalte egin gabe eta besteen bestelako aukerak eta askatasuna errespetatuz.
Aurten bigarren aldiz Udal Gobernuak behatzez seinalatu ditu erlazioa duten bi ekimen (soziedade gastronomikoak eta danborradak). Prentsara jo du zuzen-zuzenean, interesatuekin hitzegin gabe, eta "legeak ez betetzea" leporatu digu, berdintasunez ez jokatzea, emakumeak ez onartzea. Bi kasu horietan berriro atera dira prentsan formengatik eta barkamen eske, baina iraina hor gelditzen da. Honek tristura eman dizu, zerbait egingo genuen ondo Donostiak, bere kulturak eta bere jaiak duten maila izateko, ez dugu uste gaizki edo ilegalki ari garenik. Ez dugu udalak ematen digun tratu hau merezi, are gutxiago legea betetzen dugula uste dugunean. Elkartze libre eta bilera baketsurako eskubide konstituzionalak ditugu gure alde, Berdintasun Legea bera ere bai.
Gure kasu honetan Udalak jakinarazi du emakumeak jotzen jartzen ez dituen danborradak ez duela dirulaguntzarik jasoko, danborrada horiek betetzen ez dutelako Eusko Jaurlaritzaren Berdintasun Legea eta beraz, lege horren 3.1. artikuluaren zati honen arabera: "…Euskal aginte publikoek ezin izango dute inolako diru-laguntza edo laguntzarik eman sexuaren ziozko bereizkeria eragiten duen edonolako jardueratarako…". Beraz Udalak gure danborradak "sexuaren ziozko bereizkeria"-tzat hartzen ditu kontuan hartu gabe Berdintasun Legeak arrazoi horregatik bereizkeria egiten duten jarduerez egiten duen definizioa, aipatu 3.1. artikuluan bertan: "… sexu bereko multzo aski handiago bati kalteak eragiten dizkionean, salbu eta egintza juridiko, irizpide edo eginera hori egokia eta beharrezkoa denean, eta sexuarekin loturik ez dauden irizpide objektiboak erabilita justifikatzeko modukoa denean." Gure soziedadeen ustez danborraden oraingo osaketa, kontuan hartuz tradizioa eta jaiarekiko maitasuna, egokia eta beharrezkoa izateaz gain, aniztasun eta berezitasun hau babestua behar du izan, Berdintasun Legearen beraren 3.3. artikuluaren arabera. Honela dio: "3.- Aniztasuna eta ezberdintasuna errespetatzea. Herri-aginteek beharrezko diren neurri guztiak abiarazi behar dituzte sexuen berdintasunerako prozesuan errespetatu daitezen bai gizonen eta emakumeen artean biologiari, bizi-baldintzei, jomugei eta beharrizanei dagozkienez dauden ezberdintasunak eta aniztasuna, bai emakumeen eta gizonen kolektiboen euren barruan dauden ezberdintasunak eta aniztasuna ere." Horren arabera Berdintasun Legeak ez du bereizkeriatzat jotzen danborradan ezberdintasun irizpideak ezartzea. Are gehiago, botere publikoak aniztasun eta berezitasun horiek babestera eta errespetatzera behartzen ditu. Berdintasun Legea betetzen dugu, ez dugu bereizkeriarik egiten gizaseme eta emakumeei funtzio ezberdinak jartzen dizkiegunean danborraden hasieratik egin ohi den bezala. Akaso Udala izango da, bere ordezkarien bitartez, Berdintasun Legea hautsiko duena subentzioa guri ukatuz, gure ekimen hauek babestu behar dituztelako 3. artikulu horren arabera.
Beste alde batetik, Donostiako Udalak berak danborradetako ordezkariekin adostutako "Helduen danborradetarako arautegia"-k zera xedatzen du bere 1. artikuluan: "Arautegi honen helburua tradizioa eta danborradak ospatzeko prestigioa zaintzea da". 9. artikuluan hau dakar: "Danborradetako eskubideak:… D.-Udalaren dirulaguntza edo lortzen den beste edozein dirulaguntza jasotzea, beti ere arautegi hau bere osotasunean betetzen baldin bada." Beraz hau uste dugu: Udala bera eta danborrada guztiak behartuta baldin badaude, hala adostuta, tradizioa errespetatzea eta arautegi horren arabera danborrada hauei dirulaguntzak jasotzeko eskubidea onartu badie, betidanik, ¿nola nahi du Udalak subentziorik ez ematea tradizioa hautsi nahi ez duten danborradei? Uste dugu hau dena akats bat dela eta ahalik eta azkarren konpon dadila eskatzen dugu.
Aurtengo 24tik hona ordezkari politikoen adierazpenak irakurri ditugu egunkarietan: Udala lanean ari da danborrada GUZTIAK misto izan daitezen, eta helburu hori "adostasunez eta inplikatutako alde guztiek onartuta" eraman nahi da aurrera. Era berean "alde guztiekin" harremanak hasiak zirela esaten zen. Udaleko inor ez da gurekin harremanetan jarri gai eta dirulaguntzaren inguruan hartu duten erabakia ez da adostua ez eta onartu izan, logikoa den bezala. Hala ere Udalarekin lanean eta harremanetan jarraitu nahi dugu, orain arte egin dugun bezala. Zubigainen gaur, hilaren 22an, egin den bilerara Etxezarreta jauna agertu izan balitz pozik ginateke, gonbidatua izan zen eta. Hori bai, ez dugu garbi ikusten, ez gaude ados danborrada GUZTIAK misto izatearekin. Aniztasuna, askatasuna eta helduen danborraren arautegiaren aurka doala uste dugu.
Hiritarrak kontu asko ez ditu argi: ¿Udalak zein ez du diruz lagunduko: emakumea jotzen ateratzen ez duena ala mistoa ez dena? Ez dira gauza bera. ¿Zergatik 12 emakumeren kopuru hori? ¿Funtzio ezberdinetan emakumeak dituen danborrada (kantinera, banderaduna, jotzen ez duen urketaria) ez al da mistoa? ¿Emakumeei jotzen utzi bai, baina kopuru eta denboran mugak jartzen dizkien danborrada mistoa al da? ¿Etorkizunean muga horiek kendu beharko dira subentzioa jaso ahal izateko? Udalak argitu dezala, mesedez.
Komunikabideei eskatu nahi diegu idatzi oso-osorik plazaratu dezatela, hiritarrek gure jarrera ezagutu dezaten. Leku falta edo medioaren ezaugarriak direla eta ezinezkoa balitz, mesedez zuen web gunean jarri eta non ikusi jakinarazi. Eskerrik asko zuen interesarengatik.
Donostiako seme eta alabei agur, eta jaia ahalik eta gehiena gozatu. Ezerk, inork ez dezala gure egun haundia zapuztu. Parte har ezazue eta danborrada guztiak animatu, denak onak dira. Denak donostiako kulturaren parte gara eta denak gara beharrezko, ez da inor sobra. Danborradak, soziedadeak, gure ohiturak mundu guztian ezagunak dira eta ezagutu dituzten kanpotarrak liluratu dituzte. Ez zaizkie atzerakoi edo deitoragarriak iruditu, ez zaie iruditu gizalegerik ez genuenik. Ez dezatela dirulaguntzarik eman, majo ez badute, hori ez da gehien axola diguna (1.194 euro dira, musikariei ordaintzeko adina ez), baina ez iraindu, ez gure izena zikindu. Ez dugu zertan lotsatu edo izkutatu behar, ez diogu inori kalte egiten. Gure Udalak gure nortasuna eta Donostiako aniztasuna ulertzea nahi dugu, tradizio liberaleko hiri gisa. Liberala, librea, libertatea. ¿Askatasuna ulertzeko era diferenteak daudela? Ongietorriak denak, haien artean errespetatu eta denek askatasun hori duten bitartean. Jai honen eta Donostiako kulturaren alde egiten dugun lana gizaseme, emakume, heldu, gazte eta ume mordo batek konpartitu eta babesten du, gurekin batera urtarrilaren 20.ero eta urtearen gainerakoan gozatzen dutenak.
Azkenik eskerrak eman danborrada misto askori, tanborradetako ordezkarien zonako batzordeei, eta zenbatuezinezko emakume eta gizaseme donostiarrei beraien babesa eta elkartasuna emateagatik.
Parte Zaharra, 2008ko urriaren 22a.
GORA DONOSTIA-GORA SAN SEBASTIAN EGUNA
Aizepe, Amigos del Europa, Anastasio (femenina, juvenil y senior), Baso Etxea, Cantábrico, Catedral Centenario, Euskal Billera, Gizartea, Itxas Gain, Kainoieta, Kondarrak, La Espiga, Los Corcones, Mons, Ondar Gain, Antonio Bar, Umore Ona y Zubi Gain.